OINORDETZA ZUZENBIDEA

Autorea:

Mikel Mari Karrera Egialde

ISBN:

84-8373-742-6

Egilea:

Mikel Mari Karrera Egialde doktorea
Zuzenbide zibileko irakasle titularra
Zuzenbide Fakultatea - UPV/EHU
E-posta: mikelmari.karrera@ehu.es
Tel.: 943 01 52 54

Helburuak:

(Sare) Liburu honek Oinordetza Zuzenbidearen oinarriak modu ulergarri batean azaltzea du lehenengo helburu. Horrez gain, oinarrizko kontzeptu horiek lantzeko eta menderatzeko ariketak (epaiak eta kasu praktikoak) proposatzen dira.

Metodo aldetik, ikaslearen trebakuntza eta auto-ikaskuntza du ardatz. Europako kreditu sistema berriak dakarren ikaskuntza metodo berrira egokitzen den materiala eskaintzan da beraz.

Norentzat izan daiteke baliagarria:

Material didaktiko hau, Oinordetza Zuzenbidea landu nahi dien edonorentzat da baliagarri. Zuzenbideko ikasketak irakaskuntza plan zaharrari nahiz berriari jarraituz egiten ari den ikaslearengan pentsatuz sortua da, lizentziaturako irakaskuntza programari erantzuten baitio nagusiki. Edonola ere, Oinordetza Zuzenbideari buruzko oinarrizko ezagutza eskuratu nahi duen edonorentzat ere probetxugarri izan daiteke.

Edukia eta egitura:

Oinordetza Zuzenbidean lantzen diren gaiak honako ataletan banantzen dira: oinordetza-erlazioari buruzko teoria orokorra; borondatezko oinordetza; nahitaezko oinordetza; legezko edo testamentu gabeko oinordetza; kontratuzko oinordetza; eta oinordetza bereziak.

Egiturari dagokionez, material hau ohiko eskuliburuez arrunt aldentzen da.

Ikasgai bakoitzean, lehen atalean, aztertuko ditugun arauen zerrenda azaltzen da.

Hurrengo atalean, oinarrizko kontzeptuen azalpena ematen da, alegia, irakasgaiaren funtsezko ideiei edo erakundeei buruzko azalpen argi eta mamitsuak ematen saiatu gara. Horiek guztiak modu ulergarri eta xumean, adibideen laguntzaz, irakurleak haiei buruz aurretik ezer jakingo ez balu bezala jokatuz; ongi baitakigu ulertzen ez dena ikastea ezinezkoa dela.

Ondoren, gomendatutako irakurketa atala landu dugu. Irakurketa osagarri horiek gaia hobeto ezagutzeko balio izango dizute, eta baita oinarrizko azalpenetan bazterrean utzi beharreko diren hainbat ñabardura eta xehetasun berri ikasiko dituzu haiei esker.

Zati teorikoaren atzetik ariketak datoz. Bertan jaso ditugu gaiari erantzuten dioten epai nagusiak. Eskola-garaiko usaina ekarriko dizu agian izen horrek; ordea, nahita jarritako izena dela jakin ezazu. Izan ere, atal horretan oinarrizko kontzeptuei buruz lortutako ulermen maila neurtzeko aukera izango duzu batetik, eta, bestetik, teoria gaindituz, errealitatean gertatu diren edo gerta daitezkeen kasuak nola tratatu ikasiko duzu.